2010/05/21

Europa eta Natura

    Argazkilari europar dream team  batek Europan naturaren argazki batzuk egin ditu  eta National Geographic aldizkarian ikustea daukagu.
    Verena Popp-Hackner argazkilariak gure kostaldeari argazkia egin dio,  Barrikan hain zuzen ere.



Gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen

2010/05/14

Fraktalak eta Mandelbrot matematikaria

    Benoît Mandelbrot matematikaria XX.mendeko 70.hamarkadan fraktalak aztertzen eta garatzen hasi zen ordenagailuei esker. Ekuazio matematikoetan oinarrituta daude  artea eta matematika lotuz.
    Zer da fraktala? Objektu erdigeometrikoa da non bere oinarrizko egitura, zatikatuta edo irregularra, eskala desberdinetan errepikatzen den.
    Naturan fraktalak aurkitzen ditugu: hodeiak, mendiak, sistema zirkulatorioa, itsasertza, elur-malutak,...


Fraktal gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen

2010/05/07

Zumaiako flyscha, gure altxorra.

    Zumaiako Flyscha "Lurraren historiarako munduko erreferentzia" ofizialki izendatu zuten atzo Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.


    Baina , zer da flyscha? Itsas hondoan sedimentazioz sortutako arroka-mota da. Flyschean material sedimentario gogorrak (kararriak) eta bigunak (margak) txandakatzen dira; hau da, gogortasun desberdineko geruzaz osatuta dago, eta horrek hostopil-itxura ematen dio.



    Lurrak gutxi gorabehera 4.600 milioi urte ditu eta denboraldi hori guztia hainbat kapitulu eta azpikapitulutan banatzen da.. Erregistro geologikoaren aldetik dira bereziki interesgarriak Zumaiako labarrak.

    Deba aldetik, berrienetara, Getaria aldera, gutxi gorabehera duela 100 milioi urtetik duela 50 milioi urtera bitarteko historia osoa dago jasota, orriz orri. Eta juxtu zortzi kilometro horietan, Lurraren historiaren bi une nabarmen daude jasota. Gaur egun Euskal Herria den eremua itsas hondoan zegoen, eta kosta orain Errioxa dagoen lekuan zegoen. Horregatik daude han dinosauroen arrastoak, eta ez Euskal Herrian.

    Zumaian inon baino garbiago ikusten dira Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko muga (K/T muga) eta Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa (P/E).

   K/T muga duela 65 milioi urtekoa da. Zumaian, Algorriko puntaren oinarrian dago eta dinosauroen galerarekin erlazionatuta dago. Berez, K/T muga buztinezko geruza ilun bat da. Buztinean iridioa dago, normalean egoten den baino askoz kontzentrazio handiagoan. Teoriaren aldeko ebidentzia ugari daude (fosilak eta asteroideak inpaktatzean sortu ziren mikoresferulak,adibidez). Asteroide hark sortutako kraterra Yucatanen dago, eta arrastoak mundu osoan hautematen dira. Zumaian, ageri-agerian daude. Esaterako, atmosferara iridioa askatu zuen, eta hauspeatutakoan sortu zen geruza oso garbi ikusten da Algorrin.


    P/E muga Zumaian ez ezik, Sopelan eta Hendaian ere nabaritzen da. Geologoek K/T muga baino garrantzitsuagoa dela esaten dute. Itzurun hondartzaren sarreran dago, 54-55 milioi urte ditu. Muga honek aurreko geruzekiko desberdintasun geokimikoak, isotopikoak eta paleontologikoak ditu eta aldaketa hauek oso klima-aldaketa handia eragin zuten.



Beraz, altxor hori zaindu egin beharko dugu.


Lurraren geokronologia argitzeko klikatu hemen

2010/05/06

Taula periodikoa eta artea

The visual Elements Periodic Table-k taula periodikoaren flash bertsioa ikusteko aukera ematen digu eta hona hemen elementu batzuk 






Zein dira elementu hauek?

The Periodic Table Printmaking Project taula periodikoan elementuak arte grafikoetako 97grabatzaileek egindako obrak dira. Marrazkilari eta artista hauek, kopiatu beharreko irudia pentsatu eta paperean diseinatzeaz gain irudia grabatu egin behar dute teknika desberdinak erabiliz.

Zein dira ondoko elementuak?



Wolframioa eta Elhuyar anaiak

    Zientziak eta teknologiak berebiziko garrantzia izan zuten XVIII. mendeko gizartean. Wolframioa mende hartan isolatu zuten Elhuyar anaiek; 1783. urtean, hain justu, Bergaran, eta garaiko aurkikuntza zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenetako bat izan zen. Real Seminario Patriotico Bascongadok Bergaran zuen Laboratorium Chemicum-ean isolatu zuten wolframioa Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek; gaur egun Edel oihal-denda dagoen lekuan zegoen laborategia.
     Aurkikuntza haren atzean, espioitza operazio bat ere egon zen eta Itsas Armadako Ministerioak eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteak hartu zuten parte
   Wolframioa garrantzi handikoa izan zen metalurgiaren garapenean, hainbat erabilera eremu dituelako: etxekoak, publikoak, estrategikoak eta militarrak.
    Elementu kimikoa isolatzeko prozedura honako hau izan zen: minerala deskonposatu eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Geratzen zen hondakina azido nitrikoz tratatu zuten, azido wolframikoa lortzeko. Konposatu hori garbitu eta lehortu ondoren, wolframio (VI) oxidoa lortu zuten. Hori erreduzitzeko, xehatu eta kirats hautsarekin nahastuta ordu eta erdiz su bizian eduki zuten. Botoi gris modukoa lortu zuten. Lortzen zuten alea oso txikia zen. Ale txiki hori wolframio izeneko elementu kimikoa zen. Aurkikuntza garrantzitsu horren berri txosten batean eman zuten.
   Horrez gain, beste hainbat ikerketa ezin zituzten, zilarbiziaren, zilarraren edota platinoaren inguruan.
   Aurkikuntza hark berehala izan zuen oihartzun handia mundu osoan. Frantziako, Britainia Handiko, Alemaniako eta Suediako aldizkari zientifiko nagusietan argitaratu zuten, eta Encyclopédie-n ere agertu zen.