2010/11/20

Muga angelua eta islapen osoa.Aplikazioak eta fenomenoak

Argia ingurune batetik errefrakzio-indize txikiagoko beste ingurune batera pasatzen denean, normaletik urrunduz errefraktatzen da. Eraso-angelua gero eta handiagoa denez errefrakzio-angelua  handiagoa egingo da.
Eraso-angelu jakin batean- muga-angelua (L) deritzona- errefrakzio-angelua =90º baliokoa da.
Eraso-angeluak hori baino handiagoak badira, argi guztia islatu egiten da, islapen osoa gertatu dela esango dugu.




Islapen osoko prismak:
Aire-beira banatzen dituen gainazalari dagokion muga angelua 45º-koa baino txikiagoa da.
Islapen osoa ematen da 45º - 45º - 90º angeluak dituzten beira prismetan.



Ispilatzeak:

Bideoa

Beheko ispilatzea:
Basamortuko zonaldeetan airea lehorra eta garbia denez, lurrarekin ukipenean dauden aire-geruza beroak dira, lurrazaletik urrundu ahala aire geruza hozten dira, beraz dentsitatea aldatu egiten da eta errefrakzio-indize baxuagoa dute.
Argi-izpiek geruza batetik bestera pasatzerakoan errefrakzioak jasaten dituzte, eraso-angelu handiagoa denez azkenean muga angelura iristean islapen osoa emango da. Begiak objektuak kokatzen ditu argi-izpiak heltzen zaizkion norabide brdinean, objektuak buruz behera ikusiko ditu ispiluan bezala, lurrazalean ura dagoen inpresio faltsua jasoko du.



Goiko ispilatzea
Goiko ispilatzeak arraroagoak  baina egonkorragoak dira. Poloetan edo herrialde hotzetan gertatzen dira. Ondoko irudian ,XIX.mendeko grabatu honetan, bi ispilatze ikus ditzakegu.






 Ispilatze berezi bat da Fata Morgana izenekoa. Ispilatze honetan islapen eta errefrakzio anizkoitzak ematen dira eta horregatik irudia behin eta berriz ager daiteke. Horrela edozein irudi luzatuta agertuko da irudiak gainezartzen baitira. Fata Morgana (Morgana maitagarria) Arturo Erregearen arrebaordea zen eta kondairek diote sorgina zela. Kondairen arabera Siliziako uretan sirenekin egoten zen eta berak hainbat marinel harrapatzen zituen. Marinelek gaztelu iristezinak ikusten zituzten eta beti Fata Morgana han zegoen.Ondoko bideoan fenomeno hori ikus dezakegu:







Zuntz optikoa
Islapen osoaren fenomenoari esker argia beira hagatxo mehe baten zehar eraman daiteke, ondoz ondoko islapenen bidez. Horrela izpi bat mutur batetik beste batera eraman daiteke.

Endoskopietan gorputzen barneko organoak ikusteko erabiltzen da.
Telekomunikabideetan argi pultsuak bidaltzen dira eta hauek kablearen beste muturrean seinale elektriko bihurtzen dira.

2010/10/03

Higidura harmoniko sinplea

Higidura periodikoak: denbora tarte konstante bat pasa ondoren errepikatzen diren higidurak dira. Adibidea: HZRUa


Higidura bibrakor edo oszilakorrak: denbora tarte berdinetan bere aldagai zinematikoen balioak errepikatuz bere oreka posizioaren inguruan alde batera eta bestera desplazatzen ari denean.

Higidura harmoniko sinplea: posizio-bektorearen jatorria oreka-puntuan edo oszilazio-zentroan egonik eta indarra desplazamenduaren aurkako norantzakoa izanik, posizio-bektorearen proportzionala den indar erakarle baten eraginpean higitzen denean. Gorputzak ibilbide zuzen baten gainean higitzen da.



HHSaren ezaugarriak:
  • Bibrazio edo oszilazioa: joan-etorriko higidura oso batean partikulak ibilitako distantzia.
  • Oszilazio-zentroa: higitzen ari den partikulak lorturiko muturreko bi posizioen arteko erdiko puntua.
  • Elongazioa,x: aldiune bakoitzean partikla higikorraren eta oszilazio-zentroaren arteko distantzia.
  • Anplitudea,A: elongazioaren balio maximoa.
  • Periodoa,T (s): partikulak oszilazio osoa burutzeko behar duen denbora.
  • Maiztasuna,f (Hz ): denbora-unitatean buruturiko oszilazioen kopurua. Periodoaren alderantzizko magnitudea da  (f=1/T)
  • 
  • Pultsazioa:

HHSaren propietateak:
  • Higidura hau periodikoa eta oszilakorra da, ibilbide zuzenaz
  • Elongazioa,abiadura eta azelerazioa periodikoki aldatzen dira, era sinusoidalean , nahiz eta hiruren artean fase -desberdintasuna dagoen.
  • Azelerazioa elongazioaren balioaren zuzenki proportzionala, eta aurkako noranzkoa
  • Periodoak eta maiztasunak ez dute inolako erlaziorik higiduraren anplitudearekin.

Osziladore harmoniko sinplearen dinamika
Osziladore harmoniko sinplea indar berreskuratzaile baten eraginpean HHSa duen sistema da












Osziladorearen energia mekanikoa zinetikoa da alde batetik, higitzen ari baita, eta potentzial elastikoa bestetik, higidura harmonikoaren indar berreskuratzaile baten eraginaren ondorioz sortzen baita. Nahiz zinetikoa nahiz potentziala periodikoak dira eta bien batura konstantea da.



Pendulu sinplea edo matematikoa
m masako partikula txiki bat L luzerako hari batetik (luzaezina eta masa arbuiagarrikoa) zintzilikatuz, eta pausaguneko posizio bertikaletik angelu txiki batez aldenduz, askatzean, penduluak HHSa jarraituko du.


2010/09/10

Olatuak eta Energia

     Olatuak kostaldearen aurka apar eta bitsetan lehertzen ikustea aski da ohartzeko olatuek energia itzela dutela. Olatuen energia zinetikoa eta potentziala energia elektriko bihurtzeko hainbat sistema asmatu dira orain arte.
    Itsaso zabalean olatuen energia 3-8 aldiz handiagoa da kostaldean baino, baina, energia elektrikoa itsasotik lehorrera eramatea oso garestia da; hori dela eta, asmatu diren sistema gehienak kostaldean bertan edo kostalde ondoan kokatzekoak dira.
    Euskadin, itsasoko olatuen energia ustiatuz energia elektrikoa sortzeko lehen instalazioa kokatzeko Mutriku udalerria aukeratu zuten.
    Erabili duten teknologia ur-zutabe oszilakorreko bihurgailuan datza (OWC, oscilating water column deritzona). Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun olatuen energia ustiatzeko dagoen teknologiarik garatuena edo helduena.
    Egia esan, orain arte olatuen energia benetan erabili duten bakarrak surflariak izan dira.
   

2010/07/24

Klima-aldaketa Euskal Herrian: itsas mailaren igoera

        Klima-aldaketa eta hark eragiten duen itsas mailaren igoera mundu osoko arazoak dira, eta denoi eragiten digute. Zientziaren helburua da igoera etengabe horren arrazoiak eta ondorioak aztertzea.


     1950etik, Itsasoaren Batez besteko Maila (IBbM) 1,8 mm igotzen ari da urteko, mareografoen neurketek erakusten dutenez.
     Klima ereduek iragartzen dute itsasmaila 18 eta 59 zm artean igoko dela mende honen amaierarako.
     AZTI-Tecnaliako ikertzaileek, Azterketa Aurreratuen Institutu Mediterraneoa (CSIC-UIB) erakundearekin batera, klima-aldaketaren aztarnak aztertu dituzte euskal itsasertzean eta estuarioetan. Horretarako, klima-aldagaiekiko erantzun fisiko eta biologikoen seinaleen joerak aztertu dituzte. AZTI-Tecnalia-k eta Workohölics-ek egindako bideoa                

2010/07/07

Galapagoak

Galapagoak Ekuadorren daude. Hegazkinean ordubete behar da kontinenterainoko mila kilometroak egiteko.





Galapagos uharteek eraginik izan zuten Charles Darwin naturalista britaniarrarengan, honek espezien eboluzioaren teoria paratzerakoan. Dena den, eragin hori esandakoa baino apalagoa izan da. Darwinek uharteetan bost aste soilik eman zituen eta bere bidaiak bost urte iraun zuen.Teoria horretan giltzarri ez ziren ez iguanak, ez dortoka erraldoiak izan baizik eta txontak. Han ugari dira txontak, baina uharte guztietan ez dute moko bera, alde txikia dute segun eta zein uharteetan bizi diren.



Galapagoetan dena da ikusgarri. Alde batetik, animalia tipikoak: dortoka erraldoiak, iguanak, itsas lehoiak, hegazti mota askotarikoak, marrazoak, izurdeak... aurki ditzakegu. Beste aldetik, paisaia antzinako sumendiak sortutakoa da. Oraindik lur-azpia bizirik dago; azken urteotan bi eztanda izan dira, bata Isabela sumendiarena, eta bestea Fernandinarena.


Hala ere, geroz eta turista gehiago doa, urtean 150.000 inguru. Batzuen ustez,turista kopurua gutxitzen ez bada, ekosistema arriskuan jarriko da.Beste batzuek, ordea, ez dute hori pentsatzen. Eztabaida piztua dago.


Hala eta guztiz ere, natura zure gustukoa izanez gero lekurik ederrenetako bat izan daiteke bisitatzeko.

2010/06/22

Udako solstizioa eta San Juan gaua

    Lurraren errotazio-ardatzaren inklinazioa da urtean zehar gertatzen diren hainbat aldaketaren eragilea; besteak beste, tenperatura aldaketen eta egunaren eta gauaren iraupen-aldaketaren eragile. Aldaketa horiek kontuan hartuta, lau urtaro bereizten dira eta urtaro batetik bestera igarotzeko egunak ekinozioak eta solstizioak dira. Ekainaren 21ean udako solstizioa da.
    Udako solstizioan Eguzki-izpiak oso zut iristen dira; hori dela-eta, askoz ere eremu txikiagoan biltzen dira eta gehiago berotzen dute. Gainera denbora luzeagoan berotzen dute Eguzkiak argiztatutako eremuan.
    Ondoko bideoan 2008ko udako solstizioa ikus dezakegu.

                         

    Udako solstiziotik aurrera, ekainaren 21etik hain zuzen, egunak laburragoak dira. Hemen ere, errituek suarekin zuten zerikusia eta, horien bidez, eguzkiari lagundu nahi zitzaion bere energia berritzen. Erritu horiek San Juan festetan mantentzen dira Hego Amerika eta Europa osoan.
    Euskal Herrian milaka urtetako tradizioak gordetzen dira San Juan egunarekin loturik: ihintzak bustitako belarraren gainean oinutsik ibiltzeko edo bainatzeko ohitura, urte osorako osasuna bermatzeko; elorri zuriaren eta lizarraren adarrekin ateak eta leihoak edertzeko ohitura, etxea tximisten aurka babesteko, edo herriko plazan San Juan arbola izenekoa jartzea, jabeak hori eskatzeko eskubiderik ez duena nahiz bere borondatearen aurka ostutakoa izan.
        Oro har, errito horiek eguzkia gurtzeko eta lurrari eskerrak emateko modu bat baino ez ziren. Tradizio horien nekazaritza-jatorria begi-bistakoa da. Naturaren aldaketa ziklikoak ezinbestekoak ziren bizi-iraupenerako, eta erritoak lan-denboraldi on bat bideratzeko ahaleginak ziren, taldearen oparotasuna ziurtatu nahirik. Eguzkia eta Lurra dira elementu garrantzitsuenak, eta horiei eskerrak eman eta gizakiari mesede egiten jarrai dezatela eskatu behar zaie.

2010/06/14

Zientzia eta futbola

    Munduko futbol txapelketan erabiliko duten pilotak “Jabulani” izena du. Jabulani hitzak zulú hizkuntzan “ospakizuna” esan nahi du. Pilota iragazgaitza da eta 440 g-koa da. Pilota solido zurruna da eta airean (fluido batean) mugitzen da, beraz Fisikan Bernouilli ekuazioak solido zurrunaren mugimendua fluido batean adierazten du era sinplifikatuan. Pilotak airean biratzen duenean inguratzen duen fluidoa erakartzen du. Gainean dagoen airea behean dagoena baino azkarragoa mugitzen da. Horrek goranzko indarra eragiten du.
    “Magnus” efektua kornerra ateratzen den lekutik botatzea eta gola (gol olinpikoa)sartzea da inork ukitu gabe. Pilota honek pisu txikiagoa duenez “Magnus” efektua egiteak probabilitate handiagoa du.

Ariketa: Futbolari batek ostikoa jo dio baloiari aterantz 15 m/s-ko abiaduraz. Kalkula itzazu: a) irispena jaurtiketa angelua 30º-koa izanik; b) baloiak airean irauten duen denbora.


Eta futbola aipatu dudanez, Aupa Erreala! 2008an ez zen posible izan baina, Aurten bai!

2010/06/09

Hondamendi ekologikoa Mexikoko Golkoan

            Dakigunez, 2010eko apirilaren 22an British Petroleum enpresak Mexikoko Golkoan duen petrolio-plataforman eztanda gertatu zen eta , horren ondorioz, urperatu egin zen. Hau dela-eta, izugarrizko marea beltza sortu zen eta kanpana bat jarri arren , oraindik ez da nahikoa. Kutsadura ikaragarrizkoa da; ur azpiko kutsaduraren bolumena eta Erie Lakuaren bolumena (munduko lakurik handienetariko bat) baliokideak dira.

Ondoko bideoan katastrofearen seinaleak ikus ditzakegu.

2010/06/01

Lehen zelula sintetikoa

    J. Craig Venter Institutuko Daniel Gibsonek eta haren taldekideek genoma sintetiko baten bidez kontrolatutako lehen zelula egitea lortu dute.
    Hasierako Mycoplasma mycoides izeneko bakterioaren DNAren oinarrizko unitate bakoitza banan-banan sortu zuten, eta horren ondotik mekano joko baten gisa muntatu zuten. Behin puzzlea eginda, Mycoplasma capricolum espezieko zelula bat hustu zuten, eta kode genetiko sintetikoa bertan sartu zuten. Kode genetiko sintetiko hori berehala jabetu zen bakterioa hartzaileaz eta, oso denbora gutxian guztiz desagertu ziren zelula hartzaile horren arrastoak; mycoides baten itxura du eta haren proteinak sortzen ditu. Beraz, Mycoplasma mycoides JCVI-syn1.0, lehen zelula sintetikoa sortu da.

Baina ,zer dira bakterioak?
    Zelula bakar batez osatutako bizidunak dira, hots izaki zelulabakarrak. Zelula horiek harreman zuzena dute kanpo-ingurunearekin eta hortik lortzen dute bizitzeko behar duten guztia.
    Gure planetako leku guztietan daude bakterioak, baita beste izaki bizidunik bizi ezin den lekuetan ere. Zero azpiko zenbait gradutan bizi daitezke, bai eta 100ºC-tik gorako tenperaturan ere.
    Eskuarki, bakanduta bizi dira, baina zenbaitetan, taldekatu eta koloniak eratzen dituzte; dena den, kolonietan ere bata bestearekiko independenteak izaten dira.


Bakterioen zelula-pareta. Zelula mintza biltzen duen bilgarri zurruna da. Bakterioari forma ematen dio eta babestu egiten du.


Bakterioen kapsula. Zelula-pareta biltzen du. Gaixotasunak sortzen dituzten bakterio batzuk babesteko balio du.

Zitoplasma. Zelularen barnealdea hartzen du. Bertan sortzen dira bakterioek bizi-funtzioak egiteko beharrezko dituzten substantziak.

Material genetikoa. Zitoplasman sakabanatuta dago, eta zelularen funtzionamendua kontrolatzen eta erregulatzen du. DNAz eta proteinaz osatuta dago.

Flageloak. Bakterio jakin batzuek batetik bestera mugitzeko erabiltzen dituzten luzapenak dira, hari itxurakoak.



Ikertzaileen helburua metodologia hori hobetzea eta fintzea da, nahi diren geneak dituen genoma sintetizatzeko eta hainbat aplikaziotarako baliagarriak izango liratekeen zelulak sortzeko etorkizunean, adibidez, erregaia ekoizteko edo ingurumena garbitzeko.

2010/05/21

Europa eta Natura

    Argazkilari europar dream team  batek Europan naturaren argazki batzuk egin ditu  eta National Geographic aldizkarian ikustea daukagu.
    Verena Popp-Hackner argazkilariak gure kostaldeari argazkia egin dio,  Barrikan hain zuzen ere.



Gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen

2010/05/14

Fraktalak eta Mandelbrot matematikaria

    Benoît Mandelbrot matematikaria XX.mendeko 70.hamarkadan fraktalak aztertzen eta garatzen hasi zen ordenagailuei esker. Ekuazio matematikoetan oinarrituta daude  artea eta matematika lotuz.
    Zer da fraktala? Objektu erdigeometrikoa da non bere oinarrizko egitura, zatikatuta edo irregularra, eskala desberdinetan errepikatzen den.
    Naturan fraktalak aurkitzen ditugu: hodeiak, mendiak, sistema zirkulatorioa, itsasertza, elur-malutak,...


Fraktal gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen

2010/05/07

Zumaiako flyscha, gure altxorra.

    Zumaiako Flyscha "Lurraren historiarako munduko erreferentzia" ofizialki izendatu zuten atzo Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.


    Baina , zer da flyscha? Itsas hondoan sedimentazioz sortutako arroka-mota da. Flyschean material sedimentario gogorrak (kararriak) eta bigunak (margak) txandakatzen dira; hau da, gogortasun desberdineko geruzaz osatuta dago, eta horrek hostopil-itxura ematen dio.



    Lurrak gutxi gorabehera 4.600 milioi urte ditu eta denboraldi hori guztia hainbat kapitulu eta azpikapitulutan banatzen da.. Erregistro geologikoaren aldetik dira bereziki interesgarriak Zumaiako labarrak.

    Deba aldetik, berrienetara, Getaria aldera, gutxi gorabehera duela 100 milioi urtetik duela 50 milioi urtera bitarteko historia osoa dago jasota, orriz orri. Eta juxtu zortzi kilometro horietan, Lurraren historiaren bi une nabarmen daude jasota. Gaur egun Euskal Herria den eremua itsas hondoan zegoen, eta kosta orain Errioxa dagoen lekuan zegoen. Horregatik daude han dinosauroen arrastoak, eta ez Euskal Herrian.

    Zumaian inon baino garbiago ikusten dira Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko muga (K/T muga) eta Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa (P/E).

   K/T muga duela 65 milioi urtekoa da. Zumaian, Algorriko puntaren oinarrian dago eta dinosauroen galerarekin erlazionatuta dago. Berez, K/T muga buztinezko geruza ilun bat da. Buztinean iridioa dago, normalean egoten den baino askoz kontzentrazio handiagoan. Teoriaren aldeko ebidentzia ugari daude (fosilak eta asteroideak inpaktatzean sortu ziren mikoresferulak,adibidez). Asteroide hark sortutako kraterra Yucatanen dago, eta arrastoak mundu osoan hautematen dira. Zumaian, ageri-agerian daude. Esaterako, atmosferara iridioa askatu zuen, eta hauspeatutakoan sortu zen geruza oso garbi ikusten da Algorrin.


    P/E muga Zumaian ez ezik, Sopelan eta Hendaian ere nabaritzen da. Geologoek K/T muga baino garrantzitsuagoa dela esaten dute. Itzurun hondartzaren sarreran dago, 54-55 milioi urte ditu. Muga honek aurreko geruzekiko desberdintasun geokimikoak, isotopikoak eta paleontologikoak ditu eta aldaketa hauek oso klima-aldaketa handia eragin zuten.



Beraz, altxor hori zaindu egin beharko dugu.


Lurraren geokronologia argitzeko klikatu hemen

2010/05/06

Taula periodikoa eta artea

The visual Elements Periodic Table-k taula periodikoaren flash bertsioa ikusteko aukera ematen digu eta hona hemen elementu batzuk 






Zein dira elementu hauek?

The Periodic Table Printmaking Project taula periodikoan elementuak arte grafikoetako 97grabatzaileek egindako obrak dira. Marrazkilari eta artista hauek, kopiatu beharreko irudia pentsatu eta paperean diseinatzeaz gain irudia grabatu egin behar dute teknika desberdinak erabiliz.

Zein dira ondoko elementuak?



Wolframioa eta Elhuyar anaiak

    Zientziak eta teknologiak berebiziko garrantzia izan zuten XVIII. mendeko gizartean. Wolframioa mende hartan isolatu zuten Elhuyar anaiek; 1783. urtean, hain justu, Bergaran, eta garaiko aurkikuntza zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenetako bat izan zen. Real Seminario Patriotico Bascongadok Bergaran zuen Laboratorium Chemicum-ean isolatu zuten wolframioa Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek; gaur egun Edel oihal-denda dagoen lekuan zegoen laborategia.
     Aurkikuntza haren atzean, espioitza operazio bat ere egon zen eta Itsas Armadako Ministerioak eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteak hartu zuten parte
   Wolframioa garrantzi handikoa izan zen metalurgiaren garapenean, hainbat erabilera eremu dituelako: etxekoak, publikoak, estrategikoak eta militarrak.
    Elementu kimikoa isolatzeko prozedura honako hau izan zen: minerala deskonposatu eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Geratzen zen hondakina azido nitrikoz tratatu zuten, azido wolframikoa lortzeko. Konposatu hori garbitu eta lehortu ondoren, wolframio (VI) oxidoa lortu zuten. Hori erreduzitzeko, xehatu eta kirats hautsarekin nahastuta ordu eta erdiz su bizian eduki zuten. Botoi gris modukoa lortu zuten. Lortzen zuten alea oso txikia zen. Ale txiki hori wolframio izeneko elementu kimikoa zen. Aurkikuntza garrantzitsu horren berri txosten batean eman zuten.
   Horrez gain, beste hainbat ikerketa ezin zituzten, zilarbiziaren, zilarraren edota platinoaren inguruan.
   Aurkikuntza hark berehala izan zuen oihartzun handia mundu osoan. Frantziako, Britainia Handiko, Alemaniako eta Suediako aldizkari zientifiko nagusietan argitaratu zuten, eta Encyclopédie-n ere agertu zen.

2010/04/30

Taula periodikoa

    1869.ean eta 1870.ean bi zientzialarik D.Mendeleiev (1834-1907) erusiarrak eta L.Meyer (1830-1895) alemaniarrak, nork bere aldetik Taula Periodiko ospetsua aurkeztu zuten.
   Mendeleiev-en sailkapen periodikoak, Meyer-ena baino elaboratuagoa zenak, ordurarte ezagunak ziren elementu guztiak zituen barnean, sarrera bikoitzeko taula batean ordenatuta eta ondoko irizpide hauen arabera:
  • Masa atomikoaren hazkortasuna
  • Propietateen antzekotasuna
    1914.an H.Moseley-k  (1887-1915) elementuen zenbaki atomikoa determinatu zuen, eta egiaztatu egin zuen ezen, elementuak zenbaki atomikoaren ordena hazkorraren arabera kokatzen direnean, orduan, elementu guztiak propietateen antzekotasunaren irizpideak eskaturiko tokian kokatuta geratzen direla.
    Gaur eguneko Taula Periodikoa Paneth eta Werner-ek buruturikoa da eta bertan gaur egun ezagutzen diren 109 elementuak, zenbaki atomikoaren ordena hazkorraren arabera, hemezortzi zutabetan eta zazpi errenkadetan daude ordenatuta. Errenkadei periodoa deritze eta zutabeei taldea.

    Gaur egun  taula periodiko asko Interneten aurki ditzakegu baina hemen taula periodiko interaktiboa duzue (Merck laborategikoa). Klikatu, ikusi eta ikasi.
Taula periodiko interaktiboa

     Eta bi bideo ere dituzue  kimika ez dela aspergarria konturatzeko.






2010/04/26

Biziaren historia

    Gure planetaren gaineko biziaren historiari buruz mintzatzen garenean, lehenaldiko garaietan bizi izan diren eta harrietan, ia sedimentarioetan bakarrik, orain arte kontserbatu diren izaki bizidunen hondakinetan (eta bai beraien aztarnetan, hau da fosiletan)oinarritzen gara.
    Fosil-hondakin hauen azterketei esker,denboran zehar izaki bizidunek izandako eboluzioa ezagutu dezakegu; forma primitiboetatik garatuenetara.



    Kasu batzuetan eboluzio hau bapateko suntsiduraz ebakita geratzen da. Orokorki suntsidura-mota hauek talde batzuei batera eragiten diete eta aldien arteko mugekin bat etorri ohi diren gertaera garrantsitzuak adierazten dituzte erregistro geologikoan. Honen adibideak hurrengoak ditugu: Trilobiteen desagerpena Permikoaren amaieran, edo dinosauruena Kretaziko-Tertziarioaren mugan.

    Dena den, gehienetan gertatzen dena suntsidura txikien kopuru handia izaten da eta beste espezie batzuen bitartez espezie batzuen ordezkapena burutzen da eboluzio normalaren barruan.

    Fosil-hondakin ezagunen ugaritasun eta aniztasun handia dela medio, Lurraren gaineko biziaren historia nahikoa zehatz berreraiki dezakegu, baina kontuan hartu behar dugu fosil hauek gure planetaren eraketaz gero existitu diren izaki bizidunen multzoaren zati txiki bat besterik ez direla ere. Organismoen heriotzaren eta fosil bezala aztarnategietan beren agerpenaren bitartean burutzen den prozesu-kopuru handiak (garraioa, lurperaketa, disoluzioa, etab.) haien parterik handiena desger dadin determinatzen du aurreko pausoren batean.

   Duela 65 milioi urte inguru, dinosauroak desagertu ziren, eta galera hori ere sumendiekin lotzen dute batzuek. Nahiz eta dinosauroen desagertzea azaltzeko teoriarik onartuena talkaren teoria den, ikertzaile guztiak ez datoz bat horrekin. Adibidez, Princetongo Unibertsitateko Gerta Keller paleontologoak uste du Deccango (India) erupzioek eragin zutela desagertzea.

   Orain dela gutxi, berriz, alderantzizkoa iradoki dute Brown Unibertsitateko paleontologoek; hau da, dinosauroei gailentzen lagundu zietela sumendi-erupzioek. Izan ere, duela 200 milioi urte Pangea superkontinentea banatzen ari zen, eta erupzioak etenik gabe gertatzen ziren. Paleontologo horiek ondorioztatu dutenez, erupzioen ondorioz garai hartan nagusi zen espeziea desagertu zen, crurotarsan izeneko krokodilo-antzeko animalia bat. Eta horretaz baliatu ziren dinosauroak planetaren jaun eta jabe bihurtzeko.

    Bulkanologoek ohartarazi dute Islandian erupzio gehiago gerta daitezkeela hemendik aurrera, jarduera handiko ziklo bat hasi dela baitirudi. Hala eta guztiz ere, ez da pentsatu behar duela milaka milioika urteko egoera berrituko denik.


Era geologikoak

2010/04/24

Oceanos

"Oceanos" dokumentala zinema guztietan 2010eko apirilaren 23an lehen aldiz eman zuten eta hona hemen trailer bat.
Oso itxura ona du.


Ozeanoak salba ditzagun. Neurriak  hartzen ez baditugu espezie asko desagertuko dira eta gure planetaren baliabideak arriskuan jarriko ditugu.

2010/04/16

Eyjafjallajökull

 Eyjafjallajökull izeneko sumendia  Islandiako glaziar txiki batean aurkitzen da.
Geologoek erupzioa martxoaren 20an hasi zela pentsatzen dute baina ez glaziarrean bertan, baina apirilaren 14an goiko kraterrean erupzio berri bat hasi zen ,glaziarraren erdian hain zuzen ere.Hau dela eta, oso errauts-laino handia sortu zen eta haizeek hegoaldera eraman zuten. Dirudienez,ingurumenean ez da ezer gertatuko daraman altuera oso altua baita. Baina,kaltea aire-trafikoan izaten ari da.
Sumendi baten eskema ondokoa da:


Sumendiek jaurtitzen dituzten produktuak honako hauek dira:
  • Solido-egoeran: Piroklastoak (sumendiek gorantz jaurtitako harri zatiak). Hiru motatakoak izan daitezke:  bonba bolkanikoak -handi samarrak- ; lapilliak -ertainak-; eta errauts bolkanikoak-harea lodiaren tamainakoak-
  • Likido-egoeran: Harri urtuak (laba)
  • Gas-egoeran: Karbono dioxidoa eta ur-lurruna dira ugarienak. Sufrea eta karbono monoxidoa ere botatzen dituzte.
Hiru jarduera mota daude:
  • Estronboliarra: Jardueran zehar, sumendiek laba-kolada likatsuak kanporatzen dituzte. Piroklasto ugari botatzen dituzt, eta hainbat tamainakoak. Erupzioak eragiten duen eraikin motari estratosumendia esaten zaio.
  • Hawaiarra: Jardueran zehar, oso laba-kolada jariakorrak botatzen dituzte sumendiek. Oso piroklasto gutxi botatzen dituzte. Erupzioak eragiten duen eraikin motari ezkutu-sumendia esaten zaio.
  • Bolkaniarra: Sumendiek, erupzioan, errautsen, gas gorien eta piroklastoen arteko nahaste bat botatzen dute. Erupzioak eragindako eraikin motari domoa esaten zaio.
Eyjafjallajökull Islandiako sumendiaren jarduera hawaiarra da. Erupzioa pitzaduren artean edo kraterretik gertatzen da.

2010/03/24

Naturaren bitxikeriak

Betidanik gure gurasoek edo aiton-amonek elikagai batzuk osasunarentzat oso onuragarriak direla esan digute. Gaur egun ,ikerketa batzuek aspaldiko kontu horiek egiazkoak direla frogatzen dute. Hala eta guztiz ere, naturan bitxikeriak daude. Klikatu eta irakurri: naturaren bitxikeriak

2010/03/09

Zientzia eta Avatar

Zineman ikusten ditugun zientziari buruzko pelikulak batzuetan ez dira oso zientifikoak.
"Quo" aldizkarian , martxoan, "La ciencia de Avatar" artikulua (Sergio L. Palaciosek idatzitakoa) argitaratu dute. Artikulu honetan egiak eta gezurrak argitzen dizkigu. Dena den, pelikula honetan zuhaitzen eta gizakien arteko, eta animalien eta gizakien arteko neuronen sinapsia aipatzen dute,eta horregatik, ondoko bideoa ikus dezakezue sinapsia nola gertatzen den argitzeko.



2010/03/05

Tsunamiak

Tsunamia lurrikara baten ondorioz sortutako itsas uhin erraldoia da. Tsunamiak kalte handiak sortzen ditu. Itsaso zabalean, uhinaren garaiera ez da metro batera heltzen, baina 15 bat kilometroko luzera eta 640-940 km/h-ko abiadura izatea lor dezake.
Tsunamiak iragartzea gauza zaila izaten da, itsaso zabalean olatuek altuera txikia izan ohi dutelako. Kostaldera hurbiltzen direnean olatu hauek erraldoi bihurtzen dira.


2010/03/04

Lurrikarak

Azken hilabete hauetan Amerikan lurrikarak nahiko bortitzak izan dira, Haitikoak eta Txilekoak hain zuzen ere.

Kutxaespaziokoek zientzia-dibulgazioko dokumentu bat argitaratu zuten eta ideiak garrantzitsuenetarikoak honako hauek dira:

Lurrikara gertatzen denean uhin sismikoak sismografoetan jasotzen dira.
Bi uhin sismiko mota daude:
  • P uhinak edo primarioak , sismografoek jasotzen dituzten lehenengoak dira (7,15-14 km/s bitarteko abiadura lortzen dute).Epizentrotik luzetara hedatzen dira, baina uhin hauek ez dute lurra altxatzen baizik eta konprimitu eta hedatu egiten dute (malgukia konprimitu egingo bagenu bezala)
  • S uhinak edo sekundarioak, zeharka zabaltzen direnak dira (4-7,5km/s bitarteko abiadura lortzen dute).Hauei esker lurra goruntz eta beheruntz mugitzen da alfonbra astindu bagenu bezala.

Anplitudea: uhinek lortzen duten luzerarik handiena,A

Ritcher eskala: Balioa lortzeko ondoko ekuazioa erabili behar da:

A: sismografoan S uhinak lortzen duen anplitudea mm-tan neurtuta
M: lurrikararen neurria.Horrela lurrikarak desberdinak konpara ditzakegu.
Lurrikaran lortzen den energia ikaragarria da.Ondoko taulan agertzen da Richteren magnitudea/energia hori erabili ordez TNT(dinamita) erabiltzean lortuko genukeen leherketa , beraz TNT baliokidetasuna/ Ondorioak


Energia esponentzialki handiagotuz doa , beraz energia hauek konparatu ahal izateko logaritmoak beharko ditugu eta horregatik Richteren ekuazioan logaritmoak agertzen dira. Zenbaki batetik bestera oso alde handia dagoenean logaritmoak erabili beharko ditugu. Adibidez, lurrikarak konparatu ahal izateko edo distantzia astronomikoetan.