2010/09/10

Olatuak eta Energia

     Olatuak kostaldearen aurka apar eta bitsetan lehertzen ikustea aski da ohartzeko olatuek energia itzela dutela. Olatuen energia zinetikoa eta potentziala energia elektriko bihurtzeko hainbat sistema asmatu dira orain arte.
    Itsaso zabalean olatuen energia 3-8 aldiz handiagoa da kostaldean baino, baina, energia elektrikoa itsasotik lehorrera eramatea oso garestia da; hori dela eta, asmatu diren sistema gehienak kostaldean bertan edo kostalde ondoan kokatzekoak dira.
    Euskadin, itsasoko olatuen energia ustiatuz energia elektrikoa sortzeko lehen instalazioa kokatzeko Mutriku udalerria aukeratu zuten.
    Erabili duten teknologia ur-zutabe oszilakorreko bihurgailuan datza (OWC, oscilating water column deritzona). Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun olatuen energia ustiatzeko dagoen teknologiarik garatuena edo helduena.
    Egia esan, orain arte olatuen energia benetan erabili duten bakarrak surflariak izan dira.