2010/06/22

Udako solstizioa eta San Juan gaua

    Lurraren errotazio-ardatzaren inklinazioa da urtean zehar gertatzen diren hainbat aldaketaren eragilea; besteak beste, tenperatura aldaketen eta egunaren eta gauaren iraupen-aldaketaren eragile. Aldaketa horiek kontuan hartuta, lau urtaro bereizten dira eta urtaro batetik bestera igarotzeko egunak ekinozioak eta solstizioak dira. Ekainaren 21ean udako solstizioa da.
    Udako solstizioan Eguzki-izpiak oso zut iristen dira; hori dela-eta, askoz ere eremu txikiagoan biltzen dira eta gehiago berotzen dute. Gainera denbora luzeagoan berotzen dute Eguzkiak argiztatutako eremuan.
    Ondoko bideoan 2008ko udako solstizioa ikus dezakegu.

                         

    Udako solstiziotik aurrera, ekainaren 21etik hain zuzen, egunak laburragoak dira. Hemen ere, errituek suarekin zuten zerikusia eta, horien bidez, eguzkiari lagundu nahi zitzaion bere energia berritzen. Erritu horiek San Juan festetan mantentzen dira Hego Amerika eta Europa osoan.
    Euskal Herrian milaka urtetako tradizioak gordetzen dira San Juan egunarekin loturik: ihintzak bustitako belarraren gainean oinutsik ibiltzeko edo bainatzeko ohitura, urte osorako osasuna bermatzeko; elorri zuriaren eta lizarraren adarrekin ateak eta leihoak edertzeko ohitura, etxea tximisten aurka babesteko, edo herriko plazan San Juan arbola izenekoa jartzea, jabeak hori eskatzeko eskubiderik ez duena nahiz bere borondatearen aurka ostutakoa izan.
        Oro har, errito horiek eguzkia gurtzeko eta lurrari eskerrak emateko modu bat baino ez ziren. Tradizio horien nekazaritza-jatorria begi-bistakoa da. Naturaren aldaketa ziklikoak ezinbestekoak ziren bizi-iraupenerako, eta erritoak lan-denboraldi on bat bideratzeko ahaleginak ziren, taldearen oparotasuna ziurtatu nahirik. Eguzkia eta Lurra dira elementu garrantzitsuenak, eta horiei eskerrak eman eta gizakiari mesede egiten jarrai dezatela eskatu behar zaie.

2010/06/14

Zientzia eta futbola

    Munduko futbol txapelketan erabiliko duten pilotak “Jabulani” izena du. Jabulani hitzak zulú hizkuntzan “ospakizuna” esan nahi du. Pilota iragazgaitza da eta 440 g-koa da. Pilota solido zurruna da eta airean (fluido batean) mugitzen da, beraz Fisikan Bernouilli ekuazioak solido zurrunaren mugimendua fluido batean adierazten du era sinplifikatuan. Pilotak airean biratzen duenean inguratzen duen fluidoa erakartzen du. Gainean dagoen airea behean dagoena baino azkarragoa mugitzen da. Horrek goranzko indarra eragiten du.
    “Magnus” efektua kornerra ateratzen den lekutik botatzea eta gola (gol olinpikoa)sartzea da inork ukitu gabe. Pilota honek pisu txikiagoa duenez “Magnus” efektua egiteak probabilitate handiagoa du.

Ariketa: Futbolari batek ostikoa jo dio baloiari aterantz 15 m/s-ko abiaduraz. Kalkula itzazu: a) irispena jaurtiketa angelua 30º-koa izanik; b) baloiak airean irauten duen denbora.


Eta futbola aipatu dudanez, Aupa Erreala! 2008an ez zen posible izan baina, Aurten bai!

2010/06/09

Hondamendi ekologikoa Mexikoko Golkoan

            Dakigunez, 2010eko apirilaren 22an British Petroleum enpresak Mexikoko Golkoan duen petrolio-plataforman eztanda gertatu zen eta , horren ondorioz, urperatu egin zen. Hau dela-eta, izugarrizko marea beltza sortu zen eta kanpana bat jarri arren , oraindik ez da nahikoa. Kutsadura ikaragarrizkoa da; ur azpiko kutsaduraren bolumena eta Erie Lakuaren bolumena (munduko lakurik handienetariko bat) baliokideak dira.

Ondoko bideoan katastrofearen seinaleak ikus ditzakegu.

2010/06/01

Lehen zelula sintetikoa

    J. Craig Venter Institutuko Daniel Gibsonek eta haren taldekideek genoma sintetiko baten bidez kontrolatutako lehen zelula egitea lortu dute.
    Hasierako Mycoplasma mycoides izeneko bakterioaren DNAren oinarrizko unitate bakoitza banan-banan sortu zuten, eta horren ondotik mekano joko baten gisa muntatu zuten. Behin puzzlea eginda, Mycoplasma capricolum espezieko zelula bat hustu zuten, eta kode genetiko sintetikoa bertan sartu zuten. Kode genetiko sintetiko hori berehala jabetu zen bakterioa hartzaileaz eta, oso denbora gutxian guztiz desagertu ziren zelula hartzaile horren arrastoak; mycoides baten itxura du eta haren proteinak sortzen ditu. Beraz, Mycoplasma mycoides JCVI-syn1.0, lehen zelula sintetikoa sortu da.

Baina ,zer dira bakterioak?
    Zelula bakar batez osatutako bizidunak dira, hots izaki zelulabakarrak. Zelula horiek harreman zuzena dute kanpo-ingurunearekin eta hortik lortzen dute bizitzeko behar duten guztia.
    Gure planetako leku guztietan daude bakterioak, baita beste izaki bizidunik bizi ezin den lekuetan ere. Zero azpiko zenbait gradutan bizi daitezke, bai eta 100ºC-tik gorako tenperaturan ere.
    Eskuarki, bakanduta bizi dira, baina zenbaitetan, taldekatu eta koloniak eratzen dituzte; dena den, kolonietan ere bata bestearekiko independenteak izaten dira.


Bakterioen zelula-pareta. Zelula mintza biltzen duen bilgarri zurruna da. Bakterioari forma ematen dio eta babestu egiten du.


Bakterioen kapsula. Zelula-pareta biltzen du. Gaixotasunak sortzen dituzten bakterio batzuk babesteko balio du.

Zitoplasma. Zelularen barnealdea hartzen du. Bertan sortzen dira bakterioek bizi-funtzioak egiteko beharrezko dituzten substantziak.

Material genetikoa. Zitoplasman sakabanatuta dago, eta zelularen funtzionamendua kontrolatzen eta erregulatzen du. DNAz eta proteinaz osatuta dago.

Flageloak. Bakterio jakin batzuek batetik bestera mugitzeko erabiltzen dituzten luzapenak dira, hari itxurakoak.



Ikertzaileen helburua metodologia hori hobetzea eta fintzea da, nahi diren geneak dituen genoma sintetizatzeko eta hainbat aplikaziotarako baliagarriak izango liratekeen zelulak sortzeko etorkizunean, adibidez, erregaia ekoizteko edo ingurumena garbitzeko.